IKUSPEGI PEDAGOGIKOA

Karmengo Ama Ikastetxe Publiko Integrala Pasaia herriko Trintxerpe barrutian dago. Gure eskolak 2-16 urte bitarteko hezkuntza eskaintzen du; hau da, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako etapak bere gain hartzen ditu. D ereduko bi lerroko ikastetxea da eta Pasaia herrian eskola publiko bakarra da.

Zentruaren dinamikari dagokionez, gure ikastetxeak ikasleen eta taldearen garapen osoa erraztea du helburu, zentzu zabalean: afektiboa, soziala, kognitiboa eta kulturala. Horretarako, honakoak dira ikastetxearen helburuak: 

-Gelako metodologietan jarduera arrakastatsuak sistematizatzea eta intentsifikatzea, ebaluazio jarraia ardatz hartuta ikasle guztien inklusioa eta arrakasta akademikoa lortzeko. 

-Ikas komunitateko partaide guztien bizikidetza hobetzea, hezkidetza lantzea eta partaidetza guneak sistematizatzea eskolako partaide guztiek gure ikastetxean lekua dutela sentitzeko. 

-Ikasleen euskara gaitasuna bermatzea eta erabilera sustatzea, ahozkotasuna lantzeko egoerak egunero sortzea eta horretarako estrategiak sistematizatzea euskal kulturan barneratzeko.

Hau guztia aurrera eramateko gure ikastetxeak hainbat proiektutan parte hartzen du:

-Bidelaguna

-Hedatze

-Eraldatzen

-Eusle

-50/50

-Ikaskom

 

Metodologiari dagokionez, konstruktibismo sozialean oinarritzen gara: ikasleek beren ikaskuntza eraikitzen dute beren berdinekin elkarreraginean. Beraz, ikaslea eragile aktiboa da eta modu kooperatiboan lan egiten du, irakasleak prozesu horren bideratzaile izanik. 

Bestalde, gure eskolaren Ikas Komunitatearen izaerak erabat lotzen gaitu ikaskuntza eredu dialogikoarekin eta horrek dakartzan erabaki metodologikoekin. Hori dela eta, bizikidetza zeharka lantzen da ikasgai guztietan kolaborazio giroa sustatuz, non norbanakoen adierazpenerako aukerak sustatuko diren eta arazoei konponbide bateratuak eta partekatuak emango zaizkien. Horretarako baliatzen dira eredu dialogikoaren jarduera arrakastatsuak: talde interaktiboak, tertulia dialogikoak eta Ausarten Kluba.